URTE BERRI ON 2026
Testu hau Kimetz abesbatzako Uxunek eta Txaramela taldeko Katisak sortu zuten “Eten gabeko haria” neguko kontzertuari hasiera emateko.
Gure webgunean jaso nahi izan dugu, betiko gure bihotzetan geratzeko.
Milesker, neskak!
“Bigarrenez batu gara Txaramela eta Kimetz, haria eten ez dadin, neguko kontzertuaren bidez, ahotsak eta doinuak josiz orainaz gozatu eta geroa amestu eta marrazteko prest. Iaz estreinatu ginen Faduran, batzen gaituzten hariak eten ez direla ohartuta, eta sarea, komunitatea ehuntzen jarraitzeko asmoz.
ZERGATIK ELKARREKIN?
San Nikolas ikastolako hasierako belaunaldian sortu zen Kimetz duela berrogeita hamar urte baino gehiago, eta duela hamabi urte edo berriz elkartu eta batez ere euskaraz abesten dugun abesbatza gara. Haria ez da eten.
Txaramelako kideek, berriz, izen bat edo besteren gerizan, 30 urte luze, 20 urte luze, 15 urte luze daramate ikastolako umeak belaunaldiz belaunaldi musikaren eta euskararen bidez munduratzen. Haria ez da eten.
ZER DAKARGU GAUR HONA?
Emanaldi xumea, gure neguko kontzertua, irailetik eta urritik hona landua, jendaurrean aritzearen erronka ere garrantzitsua baita zer egiten dugun erakutsi eta, bide batez, jabetu eta harro egoteko.
Zer kantatu hautatzea ere garrantzitsua da guretzat. Balioak ere funtsezkoak baitira gu denontzat: euskara eta hizkuntza gutxituak, herri zapalduen askatasuna, inor ez delako ilegala, amai daitezen gerrak, goseteak eta gorrotoa, ezarritako muga guztien gainetik, inposatutako banderetatik harago, justizia eta berdintasuna, haurtzaro duinak, ongizatea, giza eskubide guztiak guztientzat aldarrikatzen ditugu.
Gabonak ate joka ditugula, Mari Domingiri, Olentzerori, eskatzen diegu: aukera bat izan dezatela ume guztiek amets egiteko, ohe bat izan dezatela aske amesteko, denok bakean bizi arte inor ez garelako libre izango
Ekar ditzagun Laboak kantatzen zituen Artzeren hitzak hona:
Batek goserik diraueino ez gara gu asetuko beste bat loturik deino ez gara libre izango
Zain dezagun ama lurra. Zentzuz eta neurriz kontsumitu urte amaierako jaietan.
EUSKARAZ ETA ASKE BIZI NAHI DUGU! KANTATZEN DUEN HERRIA GARA! ZORIONAK ETA URTE BERRI ON DENOI!”

