Haurtzaroa garai ona da umeak musikarekin harremanetan has daitezen, berezko dituzten fakultateak garatzeko momentu ideala baita. Musika hezkuntza goiztiarra, zeinetan musika sentitzearekin batera adierazpenerako eta komunikaziorako baliabide gisa erabiltzen duten, oinarri ezin hobea da etorkizunean umeek musika ikas dezaten zein kalitatezko musika zale bihur daitezen.
Musika egiteak onura anitz eskaintzen ditu. Entzumenaren eta zentzumen erritmikoaren garapena errazten ditu, ahots-garapenean laguntzen du, psikomotrizitea eta koordinazioa ere garatzen ditu, sentikortasuna, sormena eta adierazpenarekin batera. Maila pertsonalari erreparatuz, musika lantzeak harremantzea, elkarlana eta errespetua bezalako baloreak bultzatzen ditu. Honekin batera, irudi pertsonal ona zein norberarenganako konfidantza garatzen laguntzen du.
Lehen urrats hauetako helburuak ondorengoak dira:
- Musika adierazpenerako baliabide bezala erabiltzea.
- Entzumena garatzea.
- Zentzumen erritmikoa garatzea.
- Ahozkeraren eta ahotsaren erabileraren garapena.
- Musikaren parametroetara hurbiltzea.
- Perkusio txikiko instrumentuak erabiltzea.
- Gorputz-eskemaren kontzientzia hartzea.
- Dantza eta koreografbia txikiak ikastea.
Erabiltzen den metodologia guztiz aktiboa da. Umeak musika sentitzen du modu praktikoan erabiltzen duelako. Erritmoarekin, soinuarekin eta perkusio txikiarekin harremanetan jarri eta ahotsa zelan erabiltzen den ikasten hasten da, dena, joko gisa planteatutako dinamikek bideratuta, kontzeptu zehatzetatik abstraktuetara, sinpletasunetik konplexutasunera, helaraztea ahalbidetuko diotenak.
Ikasturtean zehar ikasleek bi entzunalditan parte hartuko dute, bata Gabonetan eta bestea ekainean. Honekin batera, hiruhilabeteko ebaluazioak burutuko dira.